
Bulego
Urtebete baino ez du behar izan Bulego taldeak ibilbide meteorikoa egiteko. Gaztea irratiko zerrendan behin baino gehiagotan egon da 1. postuan Pizten ari da eta Bueltan da!!! abestiekin, eta azken abesti hori, hain justu, 2021eko udako abesti ere izendatu zuten musikan espezializatutako irrati horretan. Konfinamendua hasi aurreko astean eman zuten zuzeneko lehen kontzertua, baina horrek ez zituen geldiarazi, eta pandemia-garaian aire zabalean kontzertu bat antolatu eta egin zuen lehen taldea izan zen Bulego. Adinekoen egoitzetan barrena tour bat egin zuten, elkartasuna adierazteko; Madrilen jo zuten lehen kontzertua eta Bilbao BBK Live Udazkena jaialdian ere aritu dira. Beti berritzen eta ikusleak harritzeko moduak bilatzen, Bulego taldeak ezustekoa eman zien Bilboko Kale Nagusiko oinezkoei BBK Sala enblematikoaren erakusleihotik kontzertu isila eginez. Eta Erdian Oraina diskoaren birari hasiera emateko, kontzertu berezi bat diseinatu zuten, 360º esperientzia ikus-entzuleentzat: taldekideak aretoaren erdialdean kokatutako agertoki baten gainean egoen, jendez inguratuta,Donostiako Tabakaleran. Zalantza izpirik gabe, Bulego taldea oraina bete-betean bizitzen ari da.
Bulegoko kideak abiadura nagusi den belaunaldi bateko partaide sentitzen dira, denetik egin eta jakin beharraren zurrunbiloan murgilduta, etengabe aldatzen ari den ingurune batean, eta geldialdi bat egin eta benetan garrantzitsuak diren gauzekin gozatzeko astirik gabe Erdian Oraina estreinako diskoan unean unekoa bizitzeari ematen diote garrantzia, dela euforia eta zoriontasun unea izan, dela tristura eta nostalgia unea izan. Erabateko kontzientzia. Gure emozioei eta gure inguruan gertatzen denari arreta emateko gai izatea. Zer egiten ari garen jakitea.
Bulego taldean badakite, ongi jakin ere. Orainaren boterea (Eckhart Tolle, 1997) eta Bizitza likidoa (Zygmund Bauman, 2005) liburuak izanik abiapuntu, album kontzeptual baten bitartez helarazi nahi dute haien mezua Disko horretan, dena, hau da, letrak, soinuak, artea, bideoklipak, estetika, baita sare sozialak ere, dena zaio lagungarri diskoa entzuten duenari orainean murgiltzeko desioa sorrarazteko.
Iragana du abiapuntu diskoak, baina orainalditik interpretatuta, hezkuntzaren gaineko hausnarketa eginez Entera daitezela abestian; denok barruan dugun haurra azaleratzen da Bueltan da!!! abestian, eta lehenengo maitasuna, berriz, Ezer ez da berdina track-ean. Azken honetan Maren abeslari eta konpositore bilbotar gazteak ere parte hartzen du, euskal panoramako emakumezko ahots berrietako batek. Hortik aurrera, orainaldia bihurtzen da diskoaren protagonista nagusia: gitarra akustikoak eta pianoa alde batera utzi eta sampler-ak, perkusio elektronikoa eta sintetizadoreak gailentzen dira bestelako gaiak lantzeko, hala nola askatasuna Egin dezagun dantza abestian, maitemintzea Gertu gaudenean abestian, eta jai-giroa gizarteratzeko eta lagun arteko unetzat Pizten ari da abestian. Hurrengo abestiek etorkizunari begiratzen diote: Bidean bertan abestiaren muina erabakiak hartu behar izatea da, eta pop disko hau ixten duen Bagoaz abestiaren kasuan, berriz, bizitzaren iheskortasuna.
Erdian Oraina formatu fisikoan kaleratu dute (poster eta eranskailu eta guzti), baita digitalean ere. Ekoizpen-lanak Eñaut Gaztañaga eta Tomas Lizarazuk egin dituzte. Eta den-dena Zestoako Gaztain Estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dute. Iratxe Reparazek zuzendu ditu zortzi bideoklipak, albumeko abesti bakoitzeko bat.
Bulegoko kideak honako hauek dira: Tomas Lizarazu (ahotsa), Itziar Beitia (teklatua), Jon Larrañaga (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra) eta Xabier Arrieta (bateria). Azkoitiko taldea 2019. urtean sortu zen; euskal pop argia egiten dute, berrikuntzak eskaini eta jendea harritzeko asmoz.